¡Tú Sí Qué Luchas!
Euskal Herrian militante onena bilatzeko kasting bat antolatuko bagenu, seguru gizon militante klasiko eta heteronormatibo batean pentsatuko genukeela, gaur egun, gure herri mugimenduetan oraindik parte-hartzen duten horietako bat: 2-3 eguneko bizarra, apaindura gutxikoa, ego handiarekin, kanporakoia, hitzegiteko gaitasunarekin, sakrifikatua, marxista,… Baina gaur militantzia espazioetan egiteko, sentitzeko eta parte-hartzeko modu ezberdinak aldarrikatzen ditugu, zeinetan pertsonen arteko zaintza giza harremanen oinarria izango den, eta iritzi, pentsamendu eta eragiteko aniztasuna, gure aldarrikapenen izaera lortu nahi dugun eraldaketa sozialerako.
Vísteme
Goizaldeko hirurak dira. Silvia eta bere hiru seme-alabak, bi mutil eta neska bat, ohetik salto egiten dute. Ez dira bidaian joango, ezta txango batera edo oporretan ere. Ordu horretan hasten dira Silvia eta bere hiru seme alabak bordatzearen lan gogorra. Bere familia El Salvadorren dauden txirotutako ehunka familietako bat da, etxean bertan bordatzera dedikatzen direnak eta gehiengo baten, emakumeak direnak (helduak, gazteak eta umeak), 16 orduko lanaldietan pieza ederrak eskuz bordatzen dituztelarik. Pieza hauek gero makiletara bidaltzen dira, Ertamerikan dauden ehungintzako fabrikak, eta bertan, jantzietara josiz, paketetan sartu eta Estatu Batuetara eta Europara esportatzen dira.

